Iruñeko Peñak Sanferminetako arima gara, bai horixe! Eta ez hori bakarrik, urte osoan zehar ere oso aktiboak gara. Federaziotik Iruñeko 16 Peñak koordinatzeko lan egiten dugu, jai herrikoiak sustatuz, bazkideen arteko harremanak estutuz eta hiriko gainerako eragile kultural, sozial eta politikoekin harremanak dinamizatuz.

16 Peña
Peñak kuadrillen taldeak gara, Sanferminetarako grina partekatzen dugu. Jaiaren ekitaldi ezberdinen antolaketan eta gozamenean parte hartzeko elkarte gisa eratuta gaude eta Sanferminetan zehar gure txarangen musikak kalea animatzen du, momentu oro. Gure egoitzak Iruñeko Alde Zaharrean daude, bederatzi jaiegunetan giroak gainezka egiten duen gunean.

Lehen Peñak XIX. mendearen erdialdean sortu ziren, kuadrillak zezen-plazara joan eta jaiak gozatzeko elkartzen zirenean. Lehen Peña horiek marrazki eta letradun pankarta xumeak kaleetan zehar ibiltzen zituzten, gaita, txistua edo gitarra jotzen zuen norbaitek lagunduta, egungo txarangen papera eginez kaleak doinu alaiez eta kantu herrikoiez betetzen zituztenak.

Gaur egun, guztira 16 Peña gara, XX. mendean zehar sortuz joan garenak. 1903an La Única sortu zen eta ondoren etorri ziren Muthiko Alaiak (1931), El Bullicio Pamplonés – Iruñeko Algara (1932), La Jarana (1940), Oberena (1941), Aldapa (1947), Anaitasuna (1949), Los del Bronce (1950), Irrintzi (1951), Alegría de Iruña (1953), Armonía Txantreana (1956), Donibane (1977), Rotxapea (1978), San Fermín (1979) eta Sanduzelai (1980).

Descargar PDF

Pankartak: Iruñeko gaurkotasunaren ispilu
Peña bakoitzak bere pankarta du, bat nagusiena eta beste bat haurrena. Umore onez beteta, urtean zehar gertatutakoari begiratu bat ematen diote protagonisten karikaturekin. Aspaldian lelo eta irudi leunagoak ziren, zentsura politikoko garai bati zegozkionak. Gaur egun, ordea, mundu osoko gai eta pertsonaiak jorratzen dituzte, nahiz eta inspirazio iturri nagusia tokiko gertakariak izan. Egin klik hemen pankarta guztiak ikusteko.

Beste elementu bereizgarri bat arropa da, Peña bakoitzak bere armarria duen blusa dauka, baita zapi ezberdina ere.

Arratsaldea meriendarako antolaketarekin hasten da: ajoarrieroa eta tomatedun magrak eltzetan prestatu, edaria kuboetan eta, nola ez, parrandarako gainerako mozorro eta tramankuluak. Jarraian, festa giroan gure bidelagunak diren txarangen atzetik zezen plazara bidean jartzen gara. Eta zezenketaren ondoren, pankartak eskutan eta txarangekin batera, plazako kalezulotik ateratzen gara, “Peñen irteera” izena duen erritua. Handik bakoitza bere egoitzara joaten da, kaleak jai-musikaz eta parrandarako giroaz betez.

Urte osoan aktibo
Peñak Sanferminen altzoan sortu baziren ere, argazki interpretatu hauetan ikus dezakezunez, urte osoan zehar jarduera ugari antolatzen ditugu, kultur mailan, zein kirol edo gastronomia mailan ere; eta gure auzoko bizitzan aktiboki parte hartzen dugu. San Ferminetako eskailera ere oso ezaguna da, eta abestiak aipatzen duen egun bakoitza afari batekin ospatzen dugu: uno de enero, dos de febrero, tres de marzo, cuatro de abril, cinco de mayo, seis de junio, siete de julio… ¡San Fermín!

Plan Estratégico 2023-2027
2021aren erdialdean, Peñen Federazioaren azterketa estrategikoari ekin genion, plan estrategiko bat modu kolektiboan formulatzeko eta garatzeko.

Proiektua Iruñeko 16 peñen parte-hartze eta inplikazio prozesu gisa diseinatu da, bazkideengan eta, ahal den neurrian, funtsezko beste eragile eta laguntzaileengan interes berezia jarriz.

2021eko ekainean eta 2022ko apirilean prozesuaren lehen fasea egin genuen, Federazioaren eta Iruñeko Peñen abiapuntuko egoeraren diagnostikoa egiteko helburuarekin.

2022ko uztailean prozesuaren bigarren fasea hasi zen, datozen 5 urteetarako Plan Estrategiko bat modu parte-hartzailean formulatzeko helburuarekin.

Laster jakinaraziko dizkizuegu prozesu honen emaitzak.